XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

-Nik hartuko dut, lasai...

Laztana, gorbatako orratza okertuta daukazu...

Utzidazu ondo ipintzen... Oraintxe.

Mrs. Merivalek eskuak bere semearen sorbalden gainean ipini zituen eta aurpegira begiratu zion.

Jamesek marra berde argiekiko jantzi gris ilun bat zuen, bai eta urrezko orratzarekiko puntuzko gorbata oliba-berde bat eta lauki beltzekiko artilezko galtzerdi oliba-berde batzuk ere.

Orobat, Oxford tankerako zapata gorri ilunak ere bazituen; lokarriak aska ez zekizkion, korapilo bikoitzaz lotuta zeuden, kontu handiz.

- James, ez duzu makilarik eraman behar?

Behin artilezko bufanda berde-oliba lepoaren inguruan ezarrita, neguko beroki marroi iluna janzteari ekin zion.

- Ohartu naiz gazte jendeak ez duela makilarik eramaten, ama... Agian uste dute apur bat... Ez dakit...

- Hala ere, Mr. Perkinsek loro-buru bat kirtentzat duen makila bat eraman ohi du.

- Bai, baina bera da lehendakariordeetako bat, eta nahi duen guztia egin dezake...

Tira, lasterka alde egin beharra daukat.

James Merivalek azkar musu eman zien bere ama eta arrebari.

Igogailuan sartzean eskularruak jantzi zituen.

Burua makurturik, di-da aurre egin zion elurbustiari Hirurogeita Hamabigarren Kalean zehar.

Metroaren sarreran Tribune-a erosi zuen eta bultzaka jaitsi zen eskaileretan behera, nasa jendetsu eta kirasturaino.

Chicago! Chicago! irteten zen borborka gramofono itxitik. Jantzi beltz oso estu batean bildurik, Tony Hunter ile hori bizia sorbaldetaraino zuen neska batekin lirain ari zen dantzan.

Bakarrik zeuden hoteleko egongelan.

- Laztana, oso dantzari ona zara - urruma egin zuen neskak gero eta hurbilago.

- Zuk uste, Nevada?